Bideo-jokoen munduko elitea Gamegune 2017an elkartuko da
--
- Azaroaren 17an eta 18an Donostiako Tabakaleran burutuko den eSports txapelketan Hearthstone bideo-jokoko munduko 16 'gamer' onenek hartuko dute parte. Estatuan antolatutako 'Hearthstone' txapelketa handiena jokatuko da aurtengo XVII. Gamegunen
- Adrenalinaz betetako zuzeneko norgehiagokak ikusteko sarrera doakoa izango da, eta partidak streaming bidez ikusteko aukera ere egongo da. Mundu osora eta hainbat hizkuntzatan igorriko dira norgehiagokak. Iaz, 400.000 ikusle baino gehiagok jarraitu zituzten Gameguneko partidak
- Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu du ikusleentzat hainbat jarduera erakargarri izango dituen Gamegune, Euskaltelen eta SPRI taldearen babesarekin
Munduko Hearthstone jokoko 16 'gamer' onenek hartuko dute parte Gamegune 2017an, azaroaren 17an eta 18an burutuko den eta 25.200 euro banatuko dituen bideo-joko txapelketan. Donostiako Tabakaleran jokatu diren partidez gain, eSport zaleek eta adrenalinaz betetako txapelketez gozatu nahi duten ikusleek hainbat jarduera erakargarri aurkituko dituzte bertan, doan. Gainera, areto berean burutuko den txapelketa amateurrean parte hartzeko aukera ere izango dute bertaratuek. Gameguneko parte-hartzaileen kalitatea ezin da zalantzan jarri, Hearthstone bideo- jokoko munduko 20 jokalari onenetatik zortzi izango baitira Donostian, Estatu Batuak, Ukraina, Holanda, Txekiar Errepublika, Erresuma Batua, Grezia, Frantzia edo Errumania herrialdeetatik etorriak, besteak beste. Era berean, Estatuko lehen mailako gamer-ak ere izango dira bertan luxuzko lehiakide-zerrenda osatzeko. 16. jokalaria ezagutzea falta da soilik, eta datorren hilaren 12an ezagutuko dugu nor den, OGseries online txapelketako garailea izango baita.
Bideo-jokalari profesionalen lehiaketa hau Blizzard Entertainment-en Hearthstone jokoan oinarrituko da. Nazioartean 70 milioi jokalari baino gehiago lehiatzen dira zoria eta estrategia konbinatzen dituen karta birtualen joko honetan. Gainera, interneten ikusle gehien biltzen duen estrategia jokoa da, bideo-joko partidek mundu osoko milioika ikusle erakartzen baitituzte. Adibide moduan, iaz 400.000 pertsona baino gehiagok jarraitu zituzten Gameguneko norgehiagokak streaming bidez.
Garaileak 12.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 6.000, eta hirugarrenak eta laugarrenak 3.000 euro eskuratuko dituzte. Diru sariaz gain, parte-hartzaileak Europako lehiaketa zaharrenetariko batean garaile izateak dakarren ospearengatik lehiatuko dira Gamegunen.
Jokaleku ikusgarria
Partidak emozio handiz jarraitzeko ezinbesteko osagai izango dira Hearthstone jokoan girotutako eszenatoki ikusgarria eta zuzeneko lokuzioa. Horrez gain, cosplayer-ak izango dira, bideo-joko honetako pertsonaien gisara jantzitako modeloak, eta photocall- ean horiekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute bertaratuek.
Partidak streaming bidez ikusi ahal izango dituzte mundu osoan milioika zale dituen joko honen jarraitzaileek. Aurtengo apustuetako bat da, hain zuzen, internet bidezko ikusleen kopurua handitzea; hau da, aurreko urteetako zifra potoloak areagotzea. Horretarako, aurrez aurrekoak zenbait hizkuntzatan igorriko dira; besteak beste, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez, txineraz eta errusieraz. Euskaltel Konekta Fundazioak antolatutako eta Euskaltelek eta SPRI babestutako ekimena publikoari irekia izango da, interesa duten guztiek txapelketa zuzenean jarraitzeko. Tabakaleran burutuko da lehen aldiz eta sarrera doan izango da, eserlekuak agortu arte.
Txapelketa amateurra
Era berean, norgehiagoka profesionalarekin batera jokatuko den txapelketa amateurrean parte hartu ahal izango dute zaleek. 'Sutondoko topaketak' izenburudun lehiaketan 2.000 euro banatuko dira saritan, lehenengo lau sailkatuen artean, eta bestelako opari eta sorpresak ere izango dira.
Norgehiagoka dibertigarria eskaini nahi dute antolatzaileek, edozein mailako jokalarientzat egokia eta izen-emate irekiarekin. Kanporaketa-sisteman oinarritutako txapelketan, jokalariak irabazle irteteko lehiatuko dira.
Gamegunen parte hartuko duten jokalarien zerrenda
- StanCifka - Stanislav Cifka – Txekiar Errepublika
- DrJikininki - Devin Garthright – Estatu Batuak
- Kolento - Oleksandr Malsh – Ukraina
- ThijsNL - Thijs Molendijk – Holanda
- RDU - Radu Dima – Errumania
- Neirea - Yevhenii Shumilin – Ukraina
- Naiman - Ole Batyrbekov – Kazakhstan
- Tars - Rémi Roesch – Frantzia
- Dethelor - Dimitris Theodoro – Grezia
- Maverick - Michaël Looze - Belgika
- Mitsuhide - Louis Bremers – Holanda
- J4ckieChan - Jack Hutton – Erresuma Batua
- Evangelion - Diego Fuentes García - Espainia
- Espumito - Esteban Opazo - Espainia
- Essential - Adrian Danlos - Espainia
Komunikabideentzako akreditazioak
Gamegunera gerturatu nahi duten komunikabideetako kideei arren eskatzen diegu aldez aurretik akredita daitezen, euren datuak press@euskalencounter.org helbidera bidaliz:
- Izen-abizenak
- NAN zenbakia
- Komunikabidea
- Mesedez, jakitera eman Gameguneko akreditazioa eskatzen duzuela