500.000 ikusle baino gehiagok jarraituko dute Gamegune Internet bidez

500.000 ikusle baino gehiagok jarraituko dute Gamegune Internet bidez

--

  • Aurten 17 urte bete dituen eSport txapelketaren partidak punta-puntako bi online plataformen bitartez igorriko dira hainbat hizkuntzatan: gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemana, txinera eta errusiera.

  • Donostian egoterik izan ez duen Eloise jokalari txinatar profesionala izango da Gameguneko partidak txineraz 'casteatuko' (igorriko) dituen aurkezlea, munduko bideo-joko zaleen komunitate handienera iristeko.

  • Estatuan antolatutako 'Hearthstone' txapelketa handiena jokatuko da Tabakaleran gaur eta bihar. Bideo-joko honen munduko 16 'gamer' profesional onenetarikoek hartuko dute parte bertan.

  • Ikusle ugari gerturatu dira Tabakalerara zuzenean jokatzen ari diren norgehiagokak jarraitzera. Adrenalinaz beteriko zuzeneko partidez eta Erdi Aroko taberna baten moduan girotutako eszenatokiaz gozatzen ari dira bertaratuak.

  • Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu du ikusleentzat hainbat jarduera erakargarri izango dituen Gamegune, Euskaltelen eta SPRI taldearen babesarekin.

Mundu osoko 500.000 ikusle baino gehiagok jarraituko dituzte internet bidez gaur eta bihar Donostiako Tabakaleran burutzen ari den Gamegune 2017ko partida zirraragarriak. Bideo-joko honen nazioarteko zaleek bi plataforma nagusi eta hainbat kanal dituzte euren etxeetatik lehiaketaren norgehiagokak ikusi ahal izateko. Partida hauek hainbat hizkuntzatan 'casteatuko' edo igorriko dira munduko bazter guztietara iritsi daitezen. Honela, 'caster' edo aurkezle ezberdinek gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez, txineraz eta errusieraz komentatuko dituzte aurrez-aurrekoak.

Aurten, Gameguneko antolatzaileek txapelketaren zabalpena indartu dute partidak mundu osoko zaleen etxeetara iritsi daitezen, eta iazko ikusle kopurua handitu dadin espero dute. Helburu horrekin, norgehiagokak milioika ikusle eta bideo-joko zaletu biltzen dituzten Twitch eta Douyu plataformetako hainbat kanaletatik igorriko dira.

Aurtengo berrikuntzen artean, Gamegunen jokalari moduan parte hartzerik izan ez duen Eloise txinatar jokalari famatuak partidak txineraz komentatuko ditu bere herrialdeko jarraitzaile-komunitate erraldoiarentzat. Modu honetan, milaka zaletuk Donostian jokatzen diren norgehiagokak ikusiko dituzte internet bidez eta txineraz. Partidak jarraitzeko aukera berri honen eta joko honen zaleak areagotzearen ondorioz, aurtengo partiden jarraipena milioi erdira iristea aurreikusten da.

Blizzard Entertainment-en Hearthstone bideo-jokoa zoria eta estrategia konbinatzen dituen karta birtualetan oinarritzen da eta nazioartean 70 milioi jokalari ditu. Gainera, interneten ikusle gehien biltzen duen estrategia-jokoa da, bideo-joko partidek eta jokalari famatuek mundu osoko milioika ikusle erakartzen baitituzte.

Jokalari horietako batzuk, munduko 16 Hearthstone jokalari onenak konkretuki, Donostian egongo dira gaurtik aurrera; Ameriketako Estatu Batuak, Ukraina, Holanda, Txekiar Errepublika, Erresuma Batua, Grezia, Frantzia, Errumania edo Lituania herrialdeetatik etorriak, besteak beste. Eurekin batera, Estatuko jokalari onenek talde aparta osatzen dute. SPRIren Miramon Enpresa Digitalaren arduradun Pablo Martinezek goizeko inaugurazio ekitaldian adierazi duen moduan, topaketa honetan bildutako talentua dela eta, “Gamegune ekitaldi garrantzitsua da bideo-jokoen munduan”. Era berean, Euskaltel Konekta Fundazioaren gerente Sabino San Vicentek ongietorria eman die jokalariei, eta lehiaketa hau nazioarteko eSport hitzorduen artean erreferente bihurtzearen alde apustu egin du.

Zuzenean igorritako eta emozioz beteriko partidak jarraitzaile ugari erakartzen ari dira. Sarrerak agortu arte doan ikusi ahal izango dira Europako bideo-jokoen hitzordu famatu eta zahar honen norgehiagokak. Areto-jokoaren dekorazioa ikusgarria da oso, Tabakalera magoz, xamanez, sorginez, druidez eta soldaduz betetako Erdi Aroko taberna moduan girotu baitute. Gainera, giro bikaina ziurtatua dago pantaila handian ikusten diren aurrez-aurrekoen zuzeneko komentarioen bizitasunarekin, eta partidari emozioa ematen dioten cosplayer profesionalekin.

Norgehiagokek bihar jarraituko dute, etenik gabe, goizeko 10etatik 19:30ean ospatuko den final handira arte.